
Ekintzailea: Maria Villalon
Enpresa: Conunpunto.com
WEB: www.conunpunto.com
Zerbitzuak: Diseinu grafikoa eta web zerbitzuak
Mail: info@conunpunto.com
Tfnoa: 676161405
Helbidea: Indamendi Nº12 Bajo-B, 20800 Zarautz
Maria Villalon, ekintzailea eta diseinu grafikoko eta web soluzioetarako conunpunto.com enpresaren sortzailea (eta web orri honen egilea www.ekiten.org). Begiek dir-dir egiten diote irudien bidez istorioak sortzeaz hitz egiten digunean. Bizitzaz, balioez eta proposamen zehatzez hitz egiten duten enpresa eta proiektuak. Berak, irudien bidez (logoak, irudi korporatiboa, liburuxka, flyer,…) eta web soluzioen bidez (web orriak eta sare sozialak) bizia ematen die bere bezeroen istorio horiei: sortu berriak diren negozio eta enpresen istorioak, edo jadanik merkatuan sendo dabiltzan eta bere irudia eguneratu nahi duten enpresen istorioak.
Nondik dator diseinuarekiko grina?
Egia esan betidanik, arte ederren ikasketak egin nituen eta diseinu grafikoan espezializatu nintzen (bere garain arkitektura ikastekotan ere ibili nintzen. Istorioei forma ematea gustatzen zait, kontzeptuak gauzatu, diseinuaren bitartez. Sormena, baina lurra zapalduz.
Eta nola sortu zen conunpunto.com?
Nahiko modu naturalean. Egunkari digital batean lan egiten nuen, eta pixkanaka-pixkanaka eskaera desberdinak iritsi zitzaizkidan. Lagunen eta ahoz ahoko eskaerak, eta une batean, erabaki beharra sentitu nuen. Benetan zer egin nahi nuen erabaki behar nuen, eta nire kabuz lan egiteko apustua egin nuen. Nik diseinatzaile bezala lan egin nahi nuen, hori nuen benetan gustuko… eta 2014an conunpunto.com jaio zen.
Zein pertsona edo enpresa motekin lan egiten duzu?
Alde batetik, negozio eta enpresa sortu berriak, merkatuari beraien izaera, baloreak eta soluzioak jakinarazi nahi dizkieten ekintzaileak. Asko eskertzen dute beraiei buruz benetan hitz egiten duen irudi bat sortzea.
Bestalde, beraien irudia eguneratu nahi duten profesional eta enpresa txiki eta ertainekin ere lan egiten dut. Beraiek eta beren negozioa garatzen joan dira eta garapen hori beren irudi korporatiboan islatu nahi dute. Beraien irudi digitala sortzea eta interneten nola azaldu behar duten erakustea ere eskatzen didate, web orriaren bitartez edota sare sozialetan.
Zer aurkitzen du zurekin lan egiten dutenek?
Batez ere irudi pertsonalizatu bat, beraiei buruz hitz egiten duen irudia. Elkarrekin lan egiten dugu irudi egokia topatu arte. Batzuetan ideia batekin datoz, eta funtzionatuko ote duen edo ez baloratzen dugu, diseinua zer den eta zer ez den ere erakusten diet eta, batez ere, aukerei zukua ateratzen saiatzen gara. Irudia aukeratzea erabaki garrantzitsua da, denbora luzez zurekin izango da eta zuk (eta zure bezeroak zure irudiarekin) berarekin identifikatua sentitu behar duzu.
Gainera, nahi duenari bere web orria eta sare sozialak kudeatzen laguntzen diet (formakuntza ere eskeintzen dut behar izanez gero), merkatuari islatu nahi dioten irudia erakuts dezaten.
Benetan nigan konfiantza jartzen dutenean eta aholkatzen uzten didatenean, emaitza aparta izaten da eta oso gustora geratu ohi dira.
Nolakoa izan da bide hau?
Bada, lan askokoa. Erabakiak hartu behar dira (batzuetan zailak), nire tokia ere aurkitu behar izan dut eta, batez ere, nire negozioan fokoa jartzeko bidea egin dut (hasiera batean zerbitzu gehiago eskaintzen nituen).
Batzuetan bakardadearen pisua ere sentitu dut. Bidean babesa aurkitu dut familian eta lagunengan. Zortea dut beren laguntza jaso dezakedalako.
Hasiera gogorra da, negozioa sortzeko tramiteak (Urola Kosta Udal Elkarteari esker errazagoa izan zen dena), lehen bezeroak aurkitzeko erronka, lan komertziala… Gaur egun ere, oraindik kostata ibiltzen naiz. Ahoz ahokoari esker bezeroak iristen doaz. Eta, gainera, ama dut nire komertzialik onena. Gero eta jende gehiagok ezagutzen nau, eta gero eta errezagoa da zentzu horretan.
Norbait beste batek esanda datorrenean, edota bezero batek zure lana zoriontzen duenean, badakizu gauzak ongi egiten ari zarela. Hor dago zure sentsazioa ere, badakizu noiz egin duzun lan fina, emaitzarekin erabat gustura geratu zarelako. Azkenean, hau da gustuko dudana. Diseinatzen ari naizenean orduak arin joaten dira.
Balantze positiboa?
Oso. Egia da badaudela une zailak eta animoz ilun zauden momentuak, baina hau benetan gustuko dut, niretzat garrantzitsua da eta neretzat zentzua du. Eta gustatzen zaizun hori egiteko aukera ematen dizun proiektu horietako bat iristen zaizunean… pilak kargatu eta aurrera joateko indarberrituta sentitzen zara.
Oraintxe bertan, nire erronka haztea da. Diseinu grafikoan eta web soluzioetan buru-belarri. Pertsona bat dut kontratatuta kreatibitatearen inguruko ikastaroak emateko (orain gutxi arte nik neuk ematen nituen ikastaroak), eta bulegoan beste diseinatzaile batzuekin lan egitea gustatuko litzaidake, bai langile bezala, bai kolaboratzaile bezala. Hortan nabil, gero eta proiektu garrantzitsuagoekin eta hatzeko itxaropenarekin.
Beraz, bai, balantzea benetan positiboa da.
Eskerrik asko María, zure ekimen eta lanari esker
Urola Kosta bailara hobea da.