
Ekintzaileak: Miren Prieto, Izaskun Sagarzazu , Leire Epelde eta Leire Udabe
Enpresa: Lakari
WEB: www.lakari.eus
Zerbitzuak: elikadura eta kontsumo jasangarria
Mail: info@lakari.eus
Tfnoa: 943133694
Helbidea: Araba kalea 33, 20800 Zarautz
Duela bi urte ireki zituen Lakarik bere ateak Zarautzen. Bi urte luzeko bidea, behin amestu zutena, elikadura osasuntsu eta jasangarria gizarteari gerturatu eta modu erraz eta lagunkoi batean eskaintzea, egia bihurtzen. Miren Prieto, Leire Udabe, Leire Epelde eta Izaskun Sagarzazuk duela lau urte bide hori hartu zutenean, ez zuten uste bidea hain luzea eta aberatsa izango zenik.
Baina, bai, gaur errealitate da amets horren zatitxo bat eta Miren Prietorekin elkartu gara horri buruz hitz egiteko. Mirenek, atzera begiratzen duenean, bidean ikasitako guztia azpimarratzen du, ezagututako hainbat eta hainbat pertsona on, lauen artean osatzen duten lantalde bikaina… Aurrera begira? Optimismo eta ilusioz betetako sare moduan partekatutako proiektu asko.
Nola sortu zen Lakari?
Laurok elikaduraren inguruko ikasketak egin genituen, baina ez arlo berean: biologia (Leire Udabe), kimika eta elikagaien segurtasuna (Leire Epelde), dietetika eta nutrizioa (Izaskun), eta nekazal ingeniaritza (Miren). Bakoitza bere aldetik bilaketa prozesu batean zegoen, ideia desberdinak aztertzen: elikadura, osasuna, jasangarritasuna, elikagaiak sortzeko edo sukaldatzeko moduaren garrantzia… Nik Urola Kostako Udal Elkartearen tailer batean ezagutu nituen. Ordurako ideiaren bat bazuten buruan. Berehala elkar ulertu genuen, eta lehen pausoak ematen hasi: bi urte igaro ziren, ideiari forma eman eta Lakarik ateak ireki zituen arte!
Hala ere, nahiz eta momentuan denbora luzatzea txartzat ikusten genuen, garai hartan ezagututako hainbat pertsona, proiektu, sare, ekimen,… guretzat ezinbestekoak izan dira. Denbora pasa zen, baina egia da ateak zabaldu genituenean, proiektua oso landuta zegoela. Ateak ireki arte inoiz ez dira proiektuaren gorabeherak jakiten, baina uste dut burutsu jokatu genuela.
Gauzak azkar egin nahi izaten dira, baina errealitateak beste erritmo bat du. Ezjakintasunak gauzak errazegi ikustera eramaten gaitu, eta hasitakoan ohartzen zara zenbat lan dagoen atzean! Guk dendaz, sukaldeaz eta negozioaren kudeaketaz asko ikasi behar izan dugu, hasieran uste baino gehiago. Zein produktu, zein hornitzaile, nola erabaki prezioak, zer eta zenbat erosi… Eta ikastea lana eta denbora da.
Lakari elikagai denda baina gehiago da. Nola azalduko zenioke ezagutzen ez duen bati zer den?
Egia da denda eta sukaldea direla proiektuaren bihotza, baina guretzat askoz gehiago da. Eta gure inguruarentzat ere askoz gehiago izatea nahi dugu. Elikagaiak, osasuna eta jasangarritasuna elkartzen dituen proiektua da, gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakusten duen proiektua.
Alde batetik, denda eta sukaldearen bitartez, elikagaiak eta janari prestatuak eskaintzen ditugu. Bertan prestatutako plater edo mokadutxo txikiak, goxo-goxo prestatutako janari osasuntsua, prestatu eta saltzen dugu.
Produktu gehienak bertakoak edo gertukoak dira. Gainera, hornitzaileak ezagutzen saiatu gara. Asko bisitatu ditugu eta egiten dutenaz gain nola egiten duten ere galdetu dugu, prozesuak, langileen baldintza eta egoerak jasangarriak ote diren… Atzean dagoen proiektua ezagutzen duzunean desberdin saltzen duzu produktua. Produktu batentzako bertako hornitzailerik ez dagoenean edo ezagutzera joateko aukerarik ez dugunean, informazioa eskatzen diogu, fitxa teknikoak aztertzen ditugu, ahal den neurrian ekologikoa edota bidezko merkataritzan oinarritutakoak aukeratu… Kalitatea eta jasangarritasuna funtsezkoak dira Lakarin.
Bestalde, aholkularitza eskaintzen dugu, ez produktua saldu bakarrik. Epe luzera begira eta bakoitzaren beharrei eta bizitza estiloaren arabera, osasuntsua eta jasangarria izan daitekeen elikadurari buruz aholkua ematen dugu. Nola erosi, zein produktu, nola kontsumitu… Elikatzeko eta kontsumitzeko ohiturak pixkana-pixkana aldatzen lagundu nahi diegu gure bezeroei.
Zuengana elikagaiei buruz asko dakiten pertsonak urbilduko dira…
Ez pentsa, denetarik dago. Noski, oso sentsibilizatutako jendea hurbiltzen da, baina baita gehiegi ez dakiena ere. Askotan prozesu bat bezala ikusten dugu, eta produktuaren kalitateaz ohartzen direnean pixkana-pixkana interesatzen eta ikasten joaten dira.
Batzuetan dietista batengana joan eta beraientzat ezezagunak diren produktuen zerrendarekin etortzen zaizkigu. Guk zer diren eta nola erabili behar dituzten argitzen saiatzen gara.
Supermerkatu handiez gain, auzoko denda txikia estimatzen duen jendea ere hurbiltzen da, edo granelean kopuru txikiak (bakarrik bizi direnak gehienbat) edo handiak erostera datozenak. Txikitan jandako lekaleen zaporeen bila datorrenik ere badugu.
Janari prestatua ere hasieran uste genuena baino gehiago saltzen da. Bakarrik bizi eta beraientzako bakarrik sukaldatzen ibili nahi ez dutenak… Gaur egungo bizimoduarekin sukaldatzeko denborarik ez izan arren, ondo elikatuta egon nahi duten pertsonak ere etortzen zaizkigu.
Azkenaldian ekitaldi edota enpresetako mokadu txikiak (eguerdirako edo merienda estiloa) prestatzen ere ari gara. Inguruko udalak, Euskal Herriko unibertsitateak, enpresa txikiren bat, Emaus elkartea edo ONGren bat… Ohiko katerinaren ordez osasuntsuagoa den aukeraren bat jarri nahi dute beren bilera edo ekitaldietan. Horrelakoetan guk prestatutako mokaduak jartzen ditugu edo beste proiekturen batekin batera.
Baina zuentzat egiten duzuenaz gain ere,nola egiten duzuen garrantzitsua da…
Bai, kooperazioa eta jasangarritasuna prozesu osoan ahal den neurrian bermatzen saiatzen gara, gugandik hasita. Gu kooperatiba bat gara, eta parekotasunean eta desberdintasunaren osagarritasunean oinarritu dugu gure proiektua. Olatukoop sarean jaio ginen eta gaur egun ere sareak garatzen lan aktiboa egiten ari gara, Koopfabrika-ren bitartez. Urolapiko proiektuarekin merkaturatze sistema berri bati itxura ematen ere ari gara Urola Kostako Garapen Agentzia, Urkome eta Hiritik at-ekin batera.
Sareak hainbat pertsonekin harremanetan jarri gaitu eta hainbat ate ireki. Egiteko modu berriak ere erakutsi dizkigu, oso lagungarri izan zaizkigunak. Orain, adibidez, beste proiektuekin batera, erosketa partekatuak egiteko agrosaretze proiektua bultzatzen ari gara, kopuru handiak baldintza hobeagoetan erosteko aukera izateko. Edo janari prestatua egiten duten beste batzuekin batera hainbat ekitalditarako mokadu txikiak prestatu ditugu.
Filosofia bera partekatzen dugu eta ez diogu elkarri konpetentzia gisa begiratzen. Osagarriak gara. Elkarri lagunduz sendoagoak gara.
Gainera, gu geu ere gure prozesu eta erabakietan hori islatzen saiatzen gara. Nola? Gure informatika programa software librean oinarrituta dago, obra egiteko mailegua Fiare-rekin kontratatu genuen eta, oraintsu, Goiner-en bitartez kontratatu dugu energia. Azken finean, zinez sinisten dugun eredua da eta ahal den neurrian koherentziaz jokatzen saiatzen gara.
Sarelana garrantzitsua izan da zuentzat,bidean beste laguntzarik jaso duzue?
Hasieran Zarauzko Udalak diru-laguntza txiki bat eman zigun errotuluak euskaraz ipini ahal izateko eta garapen agentziak bideragarritasun planarekin lagundu zigun. Ezer gutxi gehiago.
Laguntza garrantzitsuena familiak eman digu. Ekonomikoki eta, batez ere, psikologikoki lagundu digute. Baina, batez ere, gu lauon artean elkarri ematen diogun laguntza da garrantzitsuena.
Laurak emakumeak…
Bai, baina ez du zertan hala izan behar. Gizonezkoak ere Lakariren parte izan daitezke. Garrantzitsua proiektua eta bere filosofia partekatzea da.
Bizitakoa bizi izan ondoren, pena merezi izan du?
Bai, dudarik gabe. Atzera begira jarri eta harritu egiten naiz, eta nire buruari galdetzen diot nola egin dugun egin dugun guztia. Baina bai, esperientzia eraldatzailea izan da eta, dudarik gabe, merezi izan du: ikasitako guztia, ezagututako pertsonak, gustuko duzun horretan lan egitea eta horren inguruan zure bizi proiektua sortzeko aukera izatea…Merezi izan du, bai noski.
Eskerrik asko laukote, zuen ekimen eta lanari esker
Urola Kosta bailara hobea da.
Pingback: Jone Aldabaldetreku- Basare
Pingback: #EKITEN 2. TOPAKETA: CÓMO IDENTIFICAR Y ENTENDER A TU CLIENTE