
Ekintzaile-enpresariak: Itziar, Onditz eta Bixente Eizagirre
Enpresa: Talai Berri Txakolina
WEB: http://www.talaiberri.com
Zerbitzuak: Txakolin ekoizleak
Mail: info@talaiberri.com
Tfnoa: 943 13 27 50
Helbidea: Talaimendi auzoa, 728-20800 Zarautz
Talai Berrin, aurten, urte berezia da. 25 urte bete dituzte orain berri. Une egokia bizitu eta lortutakoaren inguruan hausnarketa egin eta eskertzeko. Eskertu, batez ere, bidea moduren batean beraiekin partekatu dutenei: beraiekin lanean, mahats bilketan ibili direnak,bezeroak,… 1992an, Bixente Eizagirrek bodega familiar bat sortzeko erabakia hartu zuen. Orduan sortu berri zen Getariako Txakolina jatorrizko izendapenaren barruan kalitate altuko txakolin bat sortu nahi zuen. Gaur, Itziar eta Onditz alabak dira bodegaren kargu lanean diardutenak. Bigarren belaunaldia Talai Berri txakolindegian, bostgarren belaunaldia ardoaren inguruan lanean diarduen familiaren barruan. Beraiken solasean egon gara, Talai Berriren iragan, orain eta etorkizunaren inguruan. Azken unean aita Bixente elkartu zaigu.
Gaur egungo Talai Berrik eta aitak sortutako hark zer dute pareko?
Ideia nagusiak berdintsu dihardute. Aitak 100.000 litro, ondo zaindutako eta goi mailako txakolina ekoizten duen familia bodega bat sortzeko ideia zuen. Berak amets horren hazia jarri zuen, gaur errealitatea da. Kapazitate hori zuen bodega eraiki zuen, baina hektarea erdiko mahasti batekin eta hiru depositorekin hasi zen. Gaur gureak ditugu 13 hektarea mahasti,eta uztaren arabera, 90-100.000 txakoli botila ekoizten ditugu.
Baina aldatu ez dena, negozioaren eta lanaren aurrean dugun ikuspegia. Bodega familiarra, kontrol zorrotza eta goi kalitatea hasieratik hemen egon dira. Gauzak hobeto egiteko bila ibiltze hori ere gure izaeraren parte da.
Zerk bereizten du Talai Berriko txakolina?
Mahasti guziak desberdinak dira eta ondorioz sortzen den txakolina ere bai. Gure mahastiak ehun urtetik gora zituzten mahatsondoen aldamenean mahatsondo berriak aldatuz sortu dira. Gainera, 2010tik aurrera, produkzio integratuaren printzipio eta lan ereduen barruan daude gure mahastiak. Eta joan den urtetik aurrera, bodega ere bai. Honi esker, uztaren kalitate kontrol zorrotza dugu, ingurugiroaren jasangarritasuna ere lortzen dugun bitartean. Produktu fito-sanitarioen erabilera minimizatzen dugu eta hondakinak asko murriztu. Hori azken kalitatean nabari da.
Gaur egun hau arruntagoa da,baina gu aintzindariak izan ginen eta prozesuan asko ikasi dugu. Hau gure produktuarentzat onuragarria izan da.
Bestalde, Neiker edo Hazi bezelako teknologia zentroekin edo eta Unibertsitatetako ikerketa zentruekin maiz egiten dugu lan. Honek gure txakolinaren kalitatean islada izateaz gain, beste produktuak ere sortzeko aukera eman digu. Txakolin beltza, Orujoa, Ozpina eta Hondarribi Zuri gazi gozoa. Arrera eta erantzun ona izan duten produktuak dira eta ferietan eta ibiltzen garenean ikusmina sortzen duten produktuak.
Berrikuntza eta hobekuntzarekin konpromezu tinkoa duzue beraz
Bai, txakolinaren produkzioa eta negozioa ulertzeko gure moduarekin lotuta daude. Hasieratik goi kalitatezko txakolinaren bila ibili gara. Horretarako, % 5-7 prentsatu gabe uzten genuen.Hasieran horrekin ez genuen ezer egiten, baina gero deskarte horiekin zerbait egiterik ote genuen galdetu genion gure buruari. Berrerabilketaren bat? Ikusmina eta arrera ona izan duten produktu horiek horrela sortu ziren.
Merkatuak berrikuntza hori baloratzen du?
Bertako merkatuak ez hainbeste. Hemen badirudi ez dugula prozesuen inguruan hainbesteko jakinmina… baina kanpoan, argi eta garbi bai. Kanpoan, kalitateaz gain kalitate hori nola lortu den jakin nahi dute. Berehala galdetzen dute nola ekoiztu den, zien teknika erabili diren, zer desberdintasun dituen,…
Atzerriko merkatua garrantzitsua da zuentzat?
Bertako merkatua da noski garrantzitsuena. Espaini mailan, Bartzelonan asko saltzen dugu, eta Madril eta Cadiz bezelako tokitan ere salmenta puntuak baditugu. Baina atzerritik datorkigu fakturazioaren %30a. Nueva York, Kalifornia eta Japonetik batez ere. Orain merkatu hauek oso indartsu daude eta tendentzia eta gure apustua, hauen pisua handitzearen alde da.
Hasieratik atera ginen kanpora, feria desberdinak bisitatu eta kanpoan saltzen hasi. Horretan Getariako txakolinaren jatorrizko izendapenak, ardo merkatuan presentzia eta tokia izaten asko lagundu digu. Jatorrizko izendapenak nazioarteko ferietara joateko erreztasunak ematen dizkigu, eta nahiz eta gero bakoitzak estrategia desberdinak izan eta nahiko independiente garen, mundu mailan izen bat eta toki bat edukitzen lagundu digu.
Euskal gastronomiak ere asko lagundu digu. Aintzindari garrantzitsuak izan dira. Euskal gastronomiak eta hemen ditugun sukaldari ospetsuak mundu osoan dira ezagunak, eta beraien platerak maridatzeko, txakolina kide aproposa. Beraiei esker hemengo edariak ezagutzera eman dira eta denon artean, pertsona askok gure lurraldea, gastronomia eta ohiturak ere ezagutu dituzte. Talde lan polita.
Zergatik Estatu Batuak eta Japon?
Estatu Batuetan euskaldun asko daude eta euskaletxeen bitartez euskal kultura eta gastronomia, eta beraz, txakolinarekin erlazioa mantendu dute. Horrela hasi ginen han saltzen, baina egia esan, gaur egun txakolinarekiko interesa ez da horra murrizten. Azken hiru urteetan bitan izan gara hango distribuidora baten eskutik bezero desberdinak bisitatzen, eta ez gara euskaletxeetan ibili. Beste goi mailako ardo txurien parera aurkitzen dugu gure txakolina ardodenda eta denda espezializatu desberdinetan. Gustokoa dute eta baloratzen dutetxakolin ona.
Japon berriz, azken urteetan euskal gastronomina eta japoniar gastronomiaren artean erlazio oso polit bat sortzen ari delako. Bi gastronomia kulturek badituzte partekatutako hainbat arlo: han mokadu txikiak prestatzen dituzte,gure pintxoen antzera, eta arraina oso gustoko dute. Gure txakolinak beraien jakiekin oso ondo maridatzen du eta oso gustoko dute.
Hazten ari diren merkatuak dira guretzat. Salmentetaz gain, bodegan bertara datozen bisitarietan ikusten dugu.Bertako produktuak eta bertako ekoizleak ezagutzeko irrikaz izaten dira. Gure txakolina edateaz gain, gure mahastiak, bodega, prozesua,… ezagutu nahi dituzte. Eta egia esan, hona etorri, bertan tokia eta prozesua ezagutu eta mahastien erdian gure terrazan hamaiketako eder bat egin ondoren, gutxi gehiago behar dugu haiek konbenzitzeko. Ez dago marketing hoberik.
Prozesu eta produktuen berrikuntza eta kanpo merkatura irikiak, hauek zuen negozioaren oinarriak?
Bai, bi zutabe sendo dira. Hirugarren bat ere gehituko nuke, kalitatea. Hiru arlo hauen aldeko apustua egin dugu beti, eta emaitza onak eman dizkigu. Krisi aurreko urteak oso onak izan ziren, erraz saltzen zen ekoiztutako guzia, baina hala ere guk gurean jarraitu genuen. Zer gehiago egin genezakeen bila jarraitu genuen, eta kalitateak eta berrikuntzak kanpoan oso arrera eta erantzun ona zuela ikusi genuen.
Egia esan hori oso lagungarria izan zen guretzat krisi garaian. Etxeko eskariak asko murriztu ziren, jatetxeetara ez zen jende gehiegi joaten eta guk hori asko nabaritu genuen. Hori gutxi ez bazen, krisia etortzear zela, ekoizle berri asko Getariko txakolinaren jatorrizko izendapenaren barruan sartu ziren, eta bapatean merkatuan txakolin eskaintza pila handitu zen. Egoera zaila izan zen denontzat.
Orain barne merkatuko eskaerak berriz ere sendotu dira baina konpetitibitate eta lehiakortasun handia dago. Kanpo merkatura joatean ordea, lehiatzeko beste modu bat topatu dugu, non kalitatea eta berrikuntzak oso arrera ona duen, eta aukeraz betetako merkatu zabal bat aurkitu dugu han. Ez dugu erreza denik esango, baina ondo lan eginez gero, aukera asko daude.
Hala ere, negozio irizpidea izateaz gain, gure aldetik interes pertsonal bat ere badela uste dut. Nola hobetu, zer gehiago edo desberdin egin dezakegun, merkatu berriak topatu,… geldirik geratu edo “beti berdina” ez egiteko nahi hori. Beharbada aktibo sentiarazten gaituen inkonformismo punttu bat, kuriosidadea edo interes pertsonal bat ere bada atzean.
Txakolina saltzeaz gain, bodegan ere bisitak jasotzen dituzue.
Bai, hasiera batean ondoan dugun kanpinera etortzen ziren pertsonek jotzen ziguten atea, ea mahastiak eta bodega erakutsiko genien galdezka. Pizten zuen interesa ikusita, bodega bisitariei irekitzea erabaki genuen. Egia esan oso erabaki ona izan zen guretzat. Ez dago marketing hoberik. Mahastiak ikusi eta bodega bisitatu duenak ez du ahazten eta ahoz ahokoak primeran funtzionatzen du kasu horietan.
Bisita asko jasotzen ditugu, guri zuzenean deitzen diguten pertsonak edo baita inguruko touroperadore desberdinak ekartzen dituzten bisitariak. Azken urteetan turismo gastronomikoa eta bertako ekoizleak zuzenean ezagutzeko nahia asko handitu da. Hau ikusita, orain berri 9-12 urte bitarteko umeentzat bisita gidatuekin hasi gara. Prozesua mostoarekin erakusten diegu. Bertan mostoa probatu eta prozesua kontatzen diegu, inguruari behar den errespetuaz hitz egin, urtaroei buruz, txakolina eta mahatsaren inguruko ekosistemari buruz hitz egiten dugu,… egia esan oso atsegina da nola bizi duten eta pizten zaien interesa ikustea. Apirilak 30ean dugu umeentzako hurrengo bisita eguna. Eta uda honetan, horrelako bisita gidatuak familiei begira prestatzeko asmoa dugu. Familia giroan prozesua ezagutu eta txakolina bertan dastatzeko aukera polita.
Egiten duzuen horrek erakartzen duen ikusmina ikusita, zuentzat pertsonalki zer suposatzen du?
Oso polita da.Guretzat txakolinaren inguruan dagoen ekosistema hori erakustea garrantzitsua da. Ez da mahatsa eta txakolina bakarrik. Lurrarekin kontaktua, elementuak, urtaroak,… naturan gutxitan dira bi ta bi lau. Ingurunea zaintzea, jasangarritasuna, garrantzitsua da. Baserritarren lanik gabe zail izango litzateke gure mendi eta inguruak txukun mantentzea. Hori agerian jartzea, beraien lana baloratzea eta beraien produktuak erosiz hori beraie bueltatzea denontzat ona da. Nutrizionalki duen balioaz gain, ingurua ere mantentzeko beraien lana eta produktuak garrantzitsuak dira.
Gainera, gure ohitura, nortasun, gastronomia, lurra eta hizkuntzaren parte garrantzitsua ere bada azken finean.
Gure bisitetan bertako produktuekin egiten dugu hamaiketakoa. Elkarlan hori ere balioan jartzea beharrezkoa da. Txakolina, tokiko ekoizleak, bertako touroperadoreak,… batak bestearen beharra eta laguntza jasotzen dugu. Denek interes bera dugu eta batak besteari ere laguntzen diogu.
Beti aukera berrietan pentsatzen… nola ikusten duzue Talai Berri 5 urte barru?
Aldaketa gehiegirik gabe. Naturak eta eguraldiak pixka bat lagunduz gero, hildo berean jarraitzea gustatuko litzaiguke. Mahastiak zaindu, produkzioa zaindu… eta hobekuntza txikiak sartzen jarraitu. Kanpoko merkatuetan jarraitzeko apustu irmoa dugu eta bertan gero eta sendoago egoten saiatuko gara. Aukera berriak aprobetxatzen.
Zenbat pertsonak lan egiten duzue Talai Berrin?
Urtaro osoan lau pertsona. Bi familiakoak eta aspalditik gurekin dabiltzan beste bi, bat zarauztarra eta bestea aiarra. Gero momentu berezietan, mahats biltzeko, podarako,… pertsona gehiago kontratatzen ditugu, bestela ezingo genuke lana atera.
Ekintzaileak eta zuen negozioaren jabe, balorazioa?
Ez dugu gure burua beste inon lanean ikusten. Egia da aukeran tarteka gustatuko litzaigukeela atea itxi eta astelehenera arte zeharo deskonektatzeko aukera izatea. Hemen hori ezinezkoa da, 24 orduz gara ekintzaile. Lan guziek dute bere alde ona eta txarra, ezta?. Hala ere, guri honek ematen digun flexibilitateak ere asko erraztu digu lana eta familia aurrera eramateko kontziliazio hori beharbada errazagoa izan da.
Gainera, familiakoa den negozio batean lanean ari garela jakin, eta hau hazitzen ikustea oso aberasgarria da. Zure lan filosofiarekin sortu duzun zerbait da. Aitak hasieratik zuen goi kalitatezko txakolina sortzeko ideia horri leialak izaten jarraitzen dugu, eta bidean ikasi eta lortutako guzia, nahiz eta batzutan ere zaila izan den, egia esan oso aberasgarria izan da.
Agurtzen ari garenean, aita Bixente azaldu da bodegan, eta galdetzeko aukera aproposa izan dugu… Zer sentitzen da Itziar eta Onditz zuk sortutako bodega honi jarraipena ematen ari direla?
Zoriona! begiak dir dir batean duela esan digu. Egia esan, oraingoz, oso ondo ari dira lanean.
Amaiera ederra elkarrizketa honentzat, ezta?
Jarraian, Talai Berriren 25 urteurrena ospatzeko prestatu duten bideoa ikusteko aukera duzu. On dizula!
Mila esker Itziar, Onditz eta Bixente
zuen lan eta esfortzuari esker
Urola Kosta leku hobea da.
#Ekiten Urola Kostako ekintzaile eta enpresarien ekosistema