
Ekintzaile-enpresaria: Jone Aldabaldetreku
Enpresa: Basare
WEB: http://www.basare.es
Zerbitzuak: Basalandareekin eginiko produktuak
Mail: basare@basare.es
Tfnoa: 665 715 214
Helbidea: Armendi-gain 1, 8 lokala – 20809 Aia
Jonek betidanik izan du natura eta gure inguruko landare eta belarrengan interes edo kuriosidadea. Basare sortu baino lehen, nekazal ingenieritza teknikoa ikasi eta hainbat tokitan landaregintzaren inguruan lanean ibilia da. Gaiaren inguruan duen ezagutzaz gain, berehala nabari da basalandareen eta beraiek ematen dituzten aukera anitzak beretzat garrantzitsuak direla, egiten ari den lanak zentzua duela. Eta noski, hori isladatu egiten da. Non? Produktu bakoitzari jartzen dion zaintzan, belar bakoitzaren propietateak azaltzen dituenean edo eta orain astear duen proiektu zirraragarri honi buruz hitz egiten duenean begietan azaltzen den irrifarrean.
Nondik sortu da Basare?
Beti ibili naiz lanean landareen inguruan. Duela urte pare bat, lorezain teknikari bezela nuen lana amaitu zenean, landareen inguruan beste aukera desberdinen bila hasi nintzen. Zer egin nezake desberdin? Beti izan dut interes handia hemen inguruan, gure zelai eta soroetan ditugun belar eta landare desberdinak ezagutzeko. Zein propietate dituzten, noiz den jasotzeko garairik onena,… eta ikerketan hasi nintzen burubelarri. Hor konturatu nintzen zer nolako aberastasuna eta altxorrak ditugun hemen inguruan, eta zer gutxi ezagutu eta baloratzen ditugun. Belar txar deitzen ditugun horiek zenbat gauzetarako aproposak diren, gure osasunerako zenbat onura ekartzen dituzten. Nolabait ere, hemen betidanik izan den ezagutza hori berreskuratzen eta eguneratzen hasi nintzen.
Hasieran ez nuen oso argi ezagutza hori nola bideratu, krema eta kosmetika mundua ireki zitzaidan aurrean, baina hori nahikoa ez niretzat, eta janariari botatzeko ongailu elikagarri bat sortu dut. Eta orain bai, azken tramiteak egiten ari naiz eta hasteko irrikitan.
Beraz, hauek zuk eskeintzen dituzun produktuak.
Bai, bi familia produktu, bata basalandareekin sortutako krema, xaboi, ezpain-babesgarri eta ukenduak. Bestetik basalandareekin sortutako ongailu elikagarria. Eta honen inguruan, formazio tailerrak ere eskeintzen ditut.
Has gaitezen kosmetika produktuekin. Zer dute berezi?
%100ean produktu naturalekin eginak daude, laister %100ean ekologikoak ere izatea espero dut. Azala eta gure gorputza elikatu eta naturalki zaintzen laguntzen digute. Kamamila,menta-belar,kalendula eta zain-belar basalandareekin eta beste osagaiekin batera sortutako kremak dira. Xaboiak berriz asuna, kamamila, erromeru, kalendula edo buztinarekin eginak dira. Osagai gehienak ekologikoak direlarik. Prozesua oso zaindua da, artisaua,denbora eta zaintza egokiak ematen dizkiot produktuari, eta hori gure azalak asko eskertzen du.
Duela gutxi, emakume bat gerturatu zitzaidan. Gailu teknologikoek sortzen dituzten uhinek eta inguruan ditugun produktu sintetikoek hipersentsibilitatea eragiten eta min egiten diote. Nere xaboiak %100ean naturalak zirela norbaitek esan omen zion eta probatu nahi zituela galdezka etorri zitzaidan. Primeran omen doakio, oso pozik bere arazoa pixka bat behintzat hobetu egin bait da, eta noski, niri ere poz ederra eman dit. Horrelako kasuak garrantzitsuak dira niretzat, nik hain zinez sinesten dudan hori, naturalaren eta ekologikoaren inguruko apustu hori, tinkoa dela esaten bai dit.
Ongarri elikagai bat ere sortu duzu
Bai, oso harro nago nik hemen sortu dudan produktu honekin. Aian dudan lokala, ongarri hau ekoizteko prestatuta dago, osasun sailak jartzen dituen neurriak kontuan hartuz. Ongailu hau janariari botatzeko da. Arrain edo haragia maridatzeko primerakoa, baina baita gure entsalada, barazki edo beste edozein platerekin batera jateko ere. Bi aukera, gatzik gabe edo añanako gatzarekin nahastuta. Zapore aldetik, janariari bixitasun punttu bat ematen dio, baina xuabea da eta gatz gutxirekin jan behar dutenei ere jakiak alaitzeko balio du.
Gure metabolismoari lagundu eta behar ditugun zuntz, bitamina, mineral, proteina etabar eskeintzen dizkigu. Lau basabelar (asuna, zain-belarra, malba eta aingeru-belarra), hazi desberdinak (kalabaza, sesamo,mitxoleta eta lihoa), algak (nori, spagetti de mar eta kombu), errizoma (jenjibre eta kurkuma) eta fruituz (piper hautsa) osatua dago.
Hasiera batean nik neuk jaso eta lehortu nahi nituen basabelarrak baina debekatua dago hau horrela egin eta salmentarako erabiltzea, eta gaur egun erosi egiten ditut, nahiz eta aukeran, nik naturatik jaso edo inguruko baserritar ekoizle bati erostea izango bazen ere. Basabelarrak Naparroan erosten ditut. Hauek bezalaxe beste osagai ekologikoak ere erosi egiten ditut eta ondoren eraldatu ongailu edo bixigarria sortzeko.
Osagai guziak erosteko orduan jasangarritasuna bultzatzen duten enpresei erosten dizkiet.
Bada probatu eta aldea nabaritu duela esan dizunik?
Bai, produktu guziak testatuak izan dira. Muestra edo eredu desberdinak egoera desberdinetako pertsonek probatu dituzte, eta erantzuna oso ona izan da. Beraien otordutan barneratu dute eta beraien osasun eta ongiizatean nabaritu omen dute.
Azken tramiteen zain zaudela esan didazu, baina zure produktua aurkituko dugun tokiren bat hitzartua ba al duzu?
Bai, hemen Zarautz eta Zumaiako belardendetan, Getariako Cetaria dendan edo eta ekiten elkarrizketetan iada ezagutzen dituzuen Zarauzko Lakari edo eta Aiako La Oveja Latxan. Aiako Pagoetako Aterpetxean, edo eta Hernaniko Karabeleko edo Oronan ere bai.
Oronan lan egiten duten zenbaitzuk produktua probatu dute eta beraien menuan sartu dute. Mahaian atera dute, gatza uzten den moduan, bakoitzak berak bota diezaion bere janariari.
Eta horrez gain, belardenda, jatetxe, kontsumo kooperatibak,… bisitatzeko lana dut aurrean. Argi da aurretik lan handia dudala egiteko baina zenbait ate ere iada jo ditut. Proiektua garatzen joan naizen heinean, argi nuen hau probatzen joan behar nuela. Gustoko dute nere bezero izan daitezkeenak?Nolakoak dira produktu hau baloratzen duten pertsonak? Zerbait aldatu behar al dut? Nik ezin nuen geldi egon, eta produktua berez interesgarria eta onuragarria den jakin gabe proiektu osoa garatu.
Jendearekin kontaktu zuzenak eta produktua probatu dutenekin hitz egin ahal izateak informazio asko ematen dizu. Bai produktu berriak garatzeko, bai beraientzat garrantzitsua zer den jakiteko.
Eta nori zuzenduta dago zure eskeintza?
Edozeini, bere osasuna eta ingurukoena zaintzeko interesa duen edonori, natura maite eta honetaz ikasi nahi duenari. Normalean iadaelikaduraren eta osasunaren inguruan kontzientziatuta dauden pertsonak dira interes gehien azaldu dutenak, emakumezkoak batik bat, eta 35urtetik gorakoak. Eta noski, tentsio arazoak direla medio gatza jan ezin duenari asko gustatzen zaio Basare ongailua, zapore aldetik janaria ere bixitu egiten bait du, eta baita beganoei, behar dituzten B12 bitaminak eskeintzen bait dizkiete.
Gero eta kontzientziatuago gaude elikagai eta produktu natural eta jasangarriak erabiltzera. Gure osasuna zaindu nahi dugu. Gero eta alergia eta intolerantzia gehiago daude eta ondorioz, produktu naturaletara bila gatoz bueltan.
Ni artisau azoketan ibiltzen naiz (zigilu ekologikoa lortzean azoka ekologikoetan ere ibiliko naiz) eta bertara jende asko hurbiltzen da. Jakinmina dago, galdera asko egiten dituzte eta egin izan ditudan formakuntzetan ere talde politak bildu dira.
Eta zer formakuntza mota eskeintzen dituzu?
Adibidez, basalandareekin xaboiak nola egin ikasteko formakuntzak. Bertan prozesua ezagutzen dugu, eta xaboia egin egiten dugu. Gero etxera, ikasitakoaz gain, bakoitza bere xaboiarekin joaten da. Helburua basalandareak ezagutu eta erabiltzen ikastea da. Eta bai, nik inguruan interesa eta jakinmina ikusten dut.Gainera, behin interesatzen hasita, gehiago jakin nahi izaten da. Hurrengo ikastaroa Maiatzak 12an izango da, Zarauzko Aritze belardendan.
Mendira irten eta basabelarrak ezagutu eta biltzen ikasteko ere antolatu ditut zenbait tailer eta jendea oso pozik geratu da. Harrituta zenbat altxor ditugun bertan eta guk hori jakin gabe!
Zer esango zenioke Basare ezagutzen ez duen norbaiti, zergatik aukeratu zure produktuak?
Kalitate handiko lehengaiekin egindako produktu osasuntsuak dira. Hemen Euskal Herrian betidanik erabili izan diren basabelarren propietateez baliatzeko aukera bikaina da, eta horrekin gure azal eta osasuna zainduko dugu. Gainera, bere erosketarekin, bertako ekintzaile baten lana ere zaintzen egongo da. Garrantzitsua iruditzen zait bertako produktuak eta horrek duen garrantziaz ohartzea. Denon artean hemengoa zaindu behar dugu.
Ekintzaile proiektua garatze-bide honek, zer erakutsi dizu?
Asko. Asko basabelarren inguruan, bai eta prozesu eta egiteko modu desberdinen inguruan. Jende asko ezagutu dut, oso interesgarriak denak. Bai beste ekintzaileak, bai pertsona desberdinak, produktuak sortzen duen ikusminak bultzatuta urbildu zaizkidanak,… eta nire burua ere ezagutzen lagundu dit.
Bide luzea da, ilusioz betea, nik sortutakoa, nire gustokoa den moduan sortzen ari naiz, baina arriskuak ere neurtzen ikasi dut. Hasiera batean mailegu handiago bat eskatzea pentsatuta nuen baina azkenik, nahiz eta mantxoago joan behar, dena da dirua eta garestia hasteko momentuan, kopuru txikiagoa eskatu dut eta horrela lasaiago ibiliko naiz.
Bidean laguntzarik izan duzu?
Bai, lehenik eta behin etxekoak eta ingurukoak. Horiek gabe, ezin bide hau egin. Gero, Urola Kostan bideragarritasun plana egiten lagundu didate eta bi dirulaguntza eskatu ditut. Bat iada jaso dut, bestea ukatu egin didate eta disgustu ederrarekin.
Tramiteak luze egiten dira, gainera nik osasun sailaren baimena lortzeko mila tramite egin behar izan ditut, eta denbora eta dirua aurrera doaz. Bidea zaildu egiten da. Aurrera jarraitzeko gogoz nago.
Iaz Urkome saria jaso zenuen.
Bai, oso pozgarria izan zen.Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena bultzatzeagaitik Urkome saria eman zidaten. Horrelako sariek nire ideiarekin aurrera egiteko bultzadatxoa ematen dute.
Orain aurrean ikusten dituzun lehen pausuak, zeintzuk dira?
Tramiteekin amaitu bezain laster, merkatua zabaltzea espero dut. Esan bezela, nire produktuak saltzeko iada hainbat tokitan hitzartu dut nire produktuak saltzeko, baina asko dut egiteko, eta hori da tokatzen dena. Iada identifikatuta ditut nirea bezelako produktuekin sensibilizatuak dauden denda eta komunitateak, eta haiengana jo behar dut. Nere produktua lehendabizi hemen, Urola Kostan, baina laster Euskal Herri mailan zabaltzeko ideia dut. Eta Iparraldera eta Espainia mailara ere aurrerago.
Elkarrizketa hau amaitzeko, orain berri Euskal Telebistako Sustraia programan, Joneri egin dioten erreportaiaren linka uzten dizugu.Bertan, ongarri elikatsua nola egiten duen ere ikus dezakezu, eta noski, Jone ezagutu. Interesgarria izango zaizula espero dugu!: BASARE – EITBko Sustraia programan
Mila esker Jone
zure lan eta esfortzuari esker
Urola Kosta leku hobea da.
#Ekiten Urola Kostako ekintzaile eta enpresarien ekosistema