Oihana eta Ainhoa Iribar – Maisor

Oihana eta Ainhoa Iribar – Maisor

Ekintzaile-enpresaria: Ohiana, Ainhoa eta Sorkunde Iribar
Enpresa: Maisor
WEB: http://maisor.com/
Zerbitzuak: Kontserbak – gastronomia
Mail: info@maisor.com
Tfno:  943 140 993
Helbidea:Edificio Astillero, Puerto 3 Getaria

 

 

Maisor Getariako portuan bertan dago. Bertan sartu eta dendarekin batera, kristal handi baten atzean, getariko arrain fresku eta bikaina modu artesanal eta zaindu batean kontserbatzeko lanean dabiltza. Produktua eta produktua lantzeko modua dira aurrera begira etengabeko hobetze prozesuan dabilen familia enpresa honen oinarri sendoak. Arrantzaren inguruan beti bizi izan den familia enpresa da. Gaur Oihana eta Ainhoa dira Sorkunde eta Sabin izeba-osabek 1999an sortu zuten enpresan testigua hartu dutenak. Oihana eta Ainhoarekin bildu gara solasean, eta amaitu baino lehen, Sorkunde elkartu zaigu bere ikuspuntua ere partekatzeko.

Nola sortu zen Maisor?

Gure familia beti bizi izan da itsasoa eta arrantzaren inguruan. Aitona eta gure aita barkuan, arrantzan. Amona, arrainaren salerosketan maiorista moduan. Bera izan zen gaur egun ekintzaile deitzen dugun horren eredu garbia. Irizabal enpresa sortu zuen beste bazkide batekin. Bisio gaitza zuen, bai salerosketaren inguruan bai arraina kontserbatzeko modu desberdinak bilatzeko ekinean. Garai hartan maiz ikusten ez zen bisioa. Eta hazi hartatik ondorengoak.

Izeba Sorkundek jarraitu zuen bere lana Irizabalen. Gabonetan urtero, bezeroentzat antxoak salazoian prestatu eta opari gisa bidaltzen zizkieten. Oso preziatuak bihurtu ziren bezeroen artean, eta orduan konturatu ziren Getarian tradizioa zuen produktuak, Getaritik kanpo ere oso onarpen ona izan zezakeela. Eta bai eduki ere. 1999an Maisor zabaldu zuten izeba Sorkunde eta osaba Sabinek eta gaur hemen jarraitzen dugu.

Eta zuek, Oihana eta Ainhoa, noiz hasi zineten Maisorren lanean?

Beti egon gara Maisorri lotuak. Gaztetan hemen izan genuen gure lehenengo lana (oporretan, asteburutan,…). Gero beste lanetan ibili ginen, beste sektoretan. 2013an izeba Sorkunde errelebo bila hasi zen. Famili enpresa honekin jarraitzeko proposamena egin zidan (Oihana) eta ordutik hemen nabil. Duela urte bete Ainhoa ere hemen hasi da eta Beñat lehengusua ere produkzio lanetan dabil. Orain 9 pertsonak egiten dugu lan Maisorren. Denak Getarikoak.

Dendara sartzean arreta gehien erakartzen duena, produkzioan lanean begibistan ikustea da.

Guk produktu zaindu eta  ona saltzen dugu. Maisor kalitatea da eta kalitatea arrain onak eta lan egiteko moduak ematen digu. Kalitatea dastatzeaz gain ikusi ere egiten da. Horregatik, portuan bertan egotea eta lana begibistan egitea erabaki genuen hasieratik.

Gaur lana begibistan egitea normalagoa da, moda berria edo, baina guk sortu zenetik dugu hau horrela. Trasparentzia Maisorren filosofiaren zati garrantzitsua da. Trasparentziak listoia altu jartzen digu, baina tranparik ez dagoela erakusteko modu bikaina da. Gure produktua dastatzen duenak, atzetik dagoen produktu eta lan egiteko modu honen kalitatearen ondorioa topatzen du.

Guk Getariko lau arrantza kanpainekin bakarrik egiten dugu lan: berdela, antxoa, hegaluzea eta sardina. Lehengai ona da gure zutabe nagusia, eta hor arrainaren inguruan dugun ezagutza handiak asko laguntzen digu: produktu ona ondo erosi behar dugu.

Behin erositakoan, artisau lana da. Produktua delikatua da, ondo zaintzen ez bada, azkar galtzen du bere kalitatea, eta lana eskuz egiten da. Lan horri ahalik eta etekin hobea ateratzen saiatzen gara. Horretarako datu asko bildu eta interpretatzen ditugu. Adibidez tenperatura desberdinetan lan eginda zein etekin lortzen dugun… eta beti gaude hobekuntzen bila. Neurtzen ez dena ezin da hobetu eta hobekuntza txiki horiek laguntzen digute gure produktuaren bikaintasuna denboran zehar mantentzen.

Zein bezero mota dator zuen produktuaren bila?

Dendara, batez ere kontsumitzaile partikularrak. Alde batetik bertakoak, egun berezitako bazkarientzat produktu onaren bila datozenak eta bestetik, turista asko ere etortzen dira. Souvenir moduan eramateko produktu ona da, baino gero eta gehiago, etxera eraman ordez, bertan kontsumitu nahi dute, bertako gastronomiaz gozatu.

Bestalde, guretzat jatetxeak ere oso bezero garrantzitsuak dira. Bai Getarikoak bai Donostikoak ere. Baina gero eta gehiago, jatetxe frantsesak ere bai. Gu beraiengana hurbiltzen saiatzen ari gara baina askotan aurre hartu eta beraiek ere zuzenean gu kontaktatzen gaituzte. Lehen bitartekoen bidez egiten zen, baina gero eta gehiago, zuzenean ekoizle espezializatuak bilatzen dituzte. Guretzat oso esperientzia ona izaten ari da.

Denda espezializatutan ere saltzen dugu gure produktua, eta gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den online bezeroa. Produktu onen bila dabiltzan xibaritak. Antxoa on bat bilatzen ari direnak edo eta fetxa berezitarako produktu on horren bila dabiltzan pertsonak dira. Batez ere Madril eta Bartzelonatik datoz eskariak, eta gero eta gehiago, Frantziatik. Frantzian produktu ona baloratzen dute, arrain kultura dago, eta ez dago bertako ekoizlerik. Kalitatezko arrain kontserba baloratzen dute, eta kalitate hori ordaintzeko prest daude.

Zuen produktua ez dugu supermerkatu eta denda handitan topatuko

Ez, ez gaude eta ez dugu egon nahi ere. Gure produktua delikatua da, ondo zaindu ez gero, errez galtzen du kalitatea, eta denda handietan antxoak nola saltzen dituzten ikusten dugunean ez zaigu gustatzen. Gure produktua berezia da, eta kalitate hori baloratzen dakienari zuzentzen diogu gure eskeintza.

Txikiak gara eta baliabide murriztuak ditugu, baina argi dugu gure lana eta indarrak non jarri behar ditugun. Ezin dugu goi kalitatezko produktua edozein modutan saldu. Hori ez da Maisor.

Atzera begira, zein esango zenuteke izan direla hartutako erabaki garrantzitsuenak?

Asko dira, baina hasieratik portuan egon eta tailerra begibistan jartzeko apostua berebizikoa izan da guretzat. Izaera argia eman digu.

Bestetik, 2009an interneten saltzen hastea. Ordutik ona asko aldatu da bai internet, bai erosteko modua, eta guk ere pila ikasi dugu. Gainera, Ainhoa gurekin dagoenetik, apustua sendoagoa da.

2014ko irudi aldaketak ere ate pila bat ireki dizkigu. Alimentazio sektorean irudia oso garrantzitsua da eta guri irudi berriak kalitatea eta artisau lana eguneratutako enpresa baten irudiarekin elkartzeak indar berria eman digu.

Bezeroen nahietan aldaketarik ikusi duzue azken urteetan?

Bai, interneten bidez Getariko portutik mundura zabaldu gara. Zuzentasuna eta gertutasuna eman digu. Lehen askoz lokalagoa zen negozioa, gaur Madril, Bartzelona edo Frantzian saltzea erreza da guretzat. Eta zuzenean egiten dugu, bitartekaririk gabe. Harreman zuzen horrek gure produktuaren kalitatea zaintzea errezten digu.

Dendan bezeroekin egunerokotasuna eta harreman zuzena dugu eta horrek informazio asko ematen digu. Horrela, azken urteetan produktua aurkezteko modu berriak aurkitu ditugu. Ontzi mota desberdinak, tamainu desberdinak,…

Produktu eta formatu mota desberdinak saltzeaz gain, duela 3 urte, bisita gidatuak eta tailerrak ere ematen hasi ginen. Produktua erosteaz gain, prozesuak ere jakinmina pizten zuela konturatu ginen. Turistengan bai, baina batez ere bertako jendearengan. Horrela, bisitetan, produktua nola egiten den ikusi ondoren, txakolinarekin maridatuta gure produktuaren dastatzen dute.  Eta tailerretan, produktua nola egin ikasten dute. Askok bere etxean ikusi dute, baina ohitura galdu egin da, eta nostalgia punttu horrekin, berriz ere antxoak salazoian nola prestatu ikasi nahi dute. Oso erantzun ona izan dute bai bisitek bai tailerrek ere.

Gaurdainoko bidea aldapatsua izan da?

Aspertzeko tarterik ez dugu izan. Txikiak gara eta baliabide murriztuak ditugu. Hauekin moldatu eta ahal den etekin hoberena ateratzea da erronka. Adibidez, merkatu irekitzeko ate asko jo behar ditugu baina ez dugu komertzialik, gu geu gera dena egiten duguna. Sanitate edo administrazio aldetik, txiki izan arren guretzat exigentziak handientzako bezela dira, eta ezin lasaitu.

Bestalde, sektoreak bertan dituenak: kanpaina batetik bestera egoera asko aldatzen da, kopuruak, kostuak,… eta merkatuak markatuta ditu bere prezioak. Gure sektorea ez da erreza, produktu bizia da, eta itsasoak ez du errez jartzen.

Adibidez, Prestigen hondamendia gertatu zenean guretzat oso oso zaila izan zen. Sekulako egurra eman zigun. Arrainik ez zegoen Kantauri itsasoan. Nola esan kanpoko arrainarekin lan egingo genuela? Baziren hemengo arraina saltzen zutela ziotenak, baina nola? ez zegoen arrainik eta. Guk, nahiz eta kosta, garbi jokatzea erabaki genuen. Orduan gogorra izanzen, oso, baina gero berriz hemen antxoa azaldu zenean, guretzat lasaitu ederra izan zen, eta gure irudia indartuta geratu zen.

Eta ekintzaile prozesu honek, zer erakutsi dizue zeuen buruari buruz?

Asko, oso aberasgarria izan da. Motibazio iturri ikaragarria da: bizi duzuna, ezagutzen duzuna, familiakoa dena, sinisten duzuna da… gure familiako ohitura eta pusketa bat da eta horri jarraipena ematen ari gara. Nik ez dut perfil komertzial berezirik, baina sinisten dutenez, transmititzen dutela diote. Nabari da benetakoa dela.

Eta enpresa aldetik pila bat: arlo denak ikutzen dituzu, eta pila ikasi. Batzutan denetatik dakidala baina ezertan ez naizela espezialista iruditzen zait. Oso aberatsa da, nekagarria ere bai, baina aberatsa.

Hala ere, erronka handienda pertsonen kudeaketa da. Nola espektatiba desberdinak, bakoitzaren gora-beherak eta beharrak eta guzi hori negozioak behar duenarekin kudeatu… eta hori 9 bakarrak garela eta oso talde ona osatzen dugula. Aberasgarria da, baina benetako froga.

Eta konpentsatzen du?

Bai, argi eta garbi bai, nahiz eta badiren “ezin dut gehiago” esanez bukatzen dituzun egun puntualak. Baina bai, oso oso aberasgarria da, eta aspertzeko ez dugu denborarik, beraz, aurrera jarraitzeko asmoz gabiltza.

Une horretan izeba Sorkunde iritsi da, eta berarekin ere Maisorri eta etorkizunari buruz izateko aukera izan dugu…
Merkatuan aukera bat aprobetxatzeko aukera ikusi zenuen…

Bai, produktua probatzera eman eta denei gustatzen zitzaien. Baina atzean dagoen lana ez zen ikusten. Horregatik, argi izan genuen hasieratik: portuan, produktu ona eta dena begibistan.

Ordutik ona asko aldatu da?

Gizartea aldatu da, teknologiak dena aldatu du eta gazte jendea hori aprobetxatzeko prestatua dago.

Nik arrainarekin laguntzen diet, beti hor gaude produktu ona aukeratzeko (eta generoa asko ezagutzen dugu, beti arrantzaren inguruan bizi izan gara eta) eta kontserbazioari buruz dudak argitzeko.

Bestalde, hilobek gogoa eta indar berriak ekarri dituzte Maisorra, beti aurrera begira. Beldurrik ez. Guk batzutan egoera beltz ikusten dugu, baina beraiek alde positiboa aurkitzeko gaitasuna dute, gauzak oso ondo egiten ari dira. Guk listoia gure buruari altu jarri diogu hasieratik, horri eusteko lan asko eta ongi egin beharra dago. Ondo egiten ari direnaren froga, ez nabilela hemen bueltaka eta galdezka.

Nik lehengo jakintza eta egiteko moduak dakizkit, eta hortan laguntzen diet, beraiek egiteko modu berriak eta ideia berriei irekiera ekarri dute. Hori da ezkontzarik onena, lehengo eta gaurko gaitasunak biltzea.

Lasai eta harro nago, ikusita jarraipena baduela eta gainera ondo egiten ari direla.Zer gehiago eskatu?

Ohiana, Ainhoa, zerbait esateko izebari?

Eskerrona, ematen digun laguntza eta konfidantzarengatik. Berak arraina eta negozioaren inguruan asko daki. Eguneroko gaietarako ez naiz berari deika ibiltzen, baina erabaki garrantzitsuetan bere ikuspuntua ere eduki ahal izatea eskertzekoa da.

Gure familiaren istorioari jarraipena ematenari garela jakinda pozik gaude.Oso pozik.

 

Eskerrik asko Ohiana, Ainhoa eta Sorkunde,
zuen lana eta ekimenari esker
Urola Kosta leku hobea da.

#Ekiten Urola Kostako ekintzaile eta enpresarien ekosistema.

 

Utzi erantzuna

Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de cookies. más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar