Ekintzaile-enpresariak: Xaxio Andreano eta Arri Altuna
Enpresa: ABIAN PRODUCTS
Web: https://www.abianproducts.com/
Zerbitzuak: Skate, surf eta mugikortasunareko produktuak
Mail-a: hola@abianproducts.com
Helbidea: Poligono Industrial Abendaño , Urdaneta bidea, 1 Zarautz
Abian produktuak ikustearekin batera antzematen da zerbait berezia dutela. Itxuraz skate eta surf taula arruntak izan daitezke, “aurrefabrikatuen” edo edozein tokitan “topatu izan ohi direnen” antzekoak. Materiala, ordea, egurra da, honek duen izaerarekin. Xaxio eta Arri ezagutu ondoren, lehen susmo hori benetakoa dela badakigu. Ez da marketin edo itxurazko posea, egiten dutena barru-barrutik egiten dutelako. Abian produktuak maitasunaren eta hainbat eta hainbat ordu eta ilusioren emaitza dira.
Nola jaio zen Abian Products?
«Abian products» izenarekin 2018ko urtarrilean jaio zen, baina hamarkada luzea daramat egurra lantzen eta skate eta surf taulen artean murgilduta. Egurrarekin lanean lehendik nenbilen eta, egun batean, lagun batek eskaera berezi bat egin zidan: skate taula bat baina ez edonolakoa. Estatu Batuetan 50eko hamarkadan oso modan egon ziren skate taula nahi zuen. Eskaera hartan dago gaur egun egiten ditugun skate taulen jatorria. Nik ezer gutxi nekien skate taulen inguruan. Ikertzen eta ikasten hasi nintzen eta nire barruan interesa piztu zen. Estetika oso gustuko nuen, baina kurba ahurrak, lodiera… eta hor dago taula gainean ibiltzerakoan esperientzia gogoangarria izatea edo ez. Hori izan zen ni harrapatu ninduena, nola lortu oreka zoragarri hori?

Zer eskeintzen diezue Abian produktu erosten duen pertsonari?
Kalitatea eta arretaz eginiko skate, surf eta oreka taulak. Taula bakoitza eskuz egina da, xehetasun guziei arreta bizia jarriz. Tailerrean bukatutako taulak baditugu, baina egiten ditugun taula gehienak pertsonalizatuak dira. Bezeroek taula bere neurrira egiteko eskatzen digute, eta horrela esperientzia hoberena eskaini dezakegu. Prozesu osoa zaintzen dugu, egurra aukeratzetik hasi eta amaiera arte.


Egur egokia aukeratzea oso garrantzitsua da. Urkia edo pawlonioa erabiltzen dugu taulak sortzeko. Alde batetik arintasuna lortzen dugu, baina erresistentzia ere bai; ordu asko ibiliko dira taula hauek mugimenduan! Gaztaina, haritza, maplea, zebranoa edo gerezia erabiltzen ditugu amaiera eder horiek lortu ahal izateko.
Erabiltzen dugun egurra jasangarria da. Zertifikatuta dago eta erabiltzen dugun zuhaitz bakoitzeko beste bi landatzen dira. Erabiltzen ditugun kola eta bernizak ere urezkoak dira, silize naturala… Jasangarritasunarekin dugun konpromisoa irmoa da. Gainera, gure ustez, hori kalitatean ere islatzen da.
Zer hiru ezaugarri azpamarratuko zenituzkete?
Produktu desberdina da, pertsonalizatua eta goi mailako kalitatea duena. Taula gainean igotakoan berehala nabaritzen dira ezaugarri horiek. Gainera, gure taulek beren jabeei buruz ere asko esaten dutela uste dugu.
Eta nola dira ba Abian taulen jabeak?
Surf mundua pasioz bizi duten pertsonak. Surfa uretan eta uretatik kanpo bizi dute. Mugimendu askeak gustuko dituzte, taulak beraien mugimendua jarrai dezala. Hortik dator materialen kalitateari eta diseinu pertsonalizatu eta egokituari hainbeste garrantzia ematea. Altura, pisua, gorputza… Pertsona bakoitzak taula desberdina behar du.
Beste ezaugarri bat ere esango nuke, diseinuari ere garrantzia ematen dio. Egurrak ematen dion amaiera berezi hori gustuko du, zerbait desberdina izatea, naturala eta gainera jasangarria. Badaki, bai, artisau lana baloratzen.
Gure produktuak ez dute serie itxura hori, esklusiboagoak dira (egur taula bakoitza desberdina da eta, ondorioz, amaiera guztiak dira desberdinak). Izaera desberdin hori erakustea oso gustuko dute gure bezeroek.
Zuen bezeroak, Zarautz eta inguruetatik datoz?
Zarautz, Donostia eta inguruetan bezero asko ditugu noski, baina asko harritu gaituena, atzerritarrek azaltzen duten ikusmina da. Aurten Zuricheko Ipso ferian eta beste artisau feria batzuetan egoteko aukera izan dugu, orain Aste Santuan Donostian, adibidez.
Oso harrera ona egin digute. Zurichen pertsona ugari hurbildu zitzaigun eta, esaten zigutenaren arabera, oso kalitate ona eskaintzen dugu. Gainera, artisau lana, horrek dakarren berezitasuna eta egur jasangarria erabiltzea ere azpimarratzen zuten.
Hemen Donostian berriz ikusi duguna; probatzeak sortzen duen emozioa. Ikustera hurbildu eta probatzen zutenek emozioa aurpegian isladatzen zuten. Eta askok erosi ere bai, ez genuen argumentu hoberik.
Anekdota edo kuriosidade moduan, atzerritar batekin gertatutakoa. Egun batean artisau feriara etorri zen, taula bat gustatu zitzaion, probatu eta erosi egin zuen. Biharamunean, anaiarekin etorri eta beste bat erosi zuen hark. Baina hori nahikoa ez eta handik egun pare batetara, hirugarren skate taularen bila etorri ziren. Etxera joan aurretik aukera aprobetxatu nahi omen zuten. Horrelako kalitate eta prezio erlazioa zuen skatea maletan eraman nahi nonbait!
Horrelako istorioek izugarrizko energia ematen digute, aurrera jarraitzeko behar dugun energia.
Eta ekintzaile bezela, zein da aurrean duzuen erronka nagusia?
Proiektuaren egonkortasuna. Gero eta ezagunagoak gara, baina asko dugu egiteko arlo honetan. Egiten duguna baloratzen dela ere ikusten dugu: produktu desberdina, izaera adierazten duen produktua eta jasangarria. Hemen bertan, Zarautzen, bertako pertsonek egindako produktua, teknika tradizionalen bitartez kalitatezko esperientziak ematen dituzten skate eta surf taulak.
Produkzioa eta komertzializazioa guk geuk egiten dugu eta beste merkatuetara nola iritsi ikertzen ari gara.
Gure produkzio gaitasuna mugatua da, gure produktua eta bezeroa zaintzea gustatzen zaigu. Hori da gure erronka, beraz, nola jarraitu bezeroa zaintzen.
Bide zorrotza ekintzailetasunarena. Zaudeten unean, balorazioak?
Bidaia hau errusiar mendian ibiltzea bezala da. Proiektuan sinisteak ematen digu indarra eta ilusioa. Denbora, dirua, ilusioa… Ahalegin handia eskaini diogu proiektuari eta, egia da, batzuetan nekea ere azaltzen dela, baina harro gaude egiten ari garen lana ikusita.
Skate taula gainera igo eta aurpegian ilusioa ikusteak, oporretan etorri, intentzio gehiegirik gabe, eta taula baten ordez hiru erosten dituen surfista horren reakzioa ikusteak,… egiten ari garen honek zentzua duela sinistarazten digu. Zentzu asko!
Balorazio positiboa, bai. Oraindik asko dugu emateko!
Eskerrik asko Xaxio eta Arri
zuen lan eta ahaleginari esker
Urola Kosta leku hobea da!
Ekiten, Urola Kostako ekintzaile eta enpresarien ekosistema.