Ekintzaile-enpresaria: Idoia Lertxundi
Enpresa: SORMEN ESKOLA GUNEA
Web: https://www.facebook.com/sormeneskolagunea/
Zerbitzuak: Sormen ikastaroak, pintura ikastaroak,…
Mail:sormeneskolagunea@gmail.com
Helbidea: Bizkaia 11, Zarautz
Duela 20 urte pintura irakasle gisara hasi zenetik, askotan ikusi du Idoiak bere ikasleen begietan islatuta “nik ere egin dezaket” ideia. Kezkati eta ezjakintasunetik abiatu ohi dira ikasleak, baina teknika landu eta esperimentazioari esker, aurrera- urrats nabarmenak ematen dituzte. Beren burua ere harrituz, beraiek ere gai direla eta egin dezaketela ikusten dute.
Hori da Sormen Eskola Guneak eskaintzen duena: esperimentatzeko gune bat. “Eta beste era batera egin banezake?” (izan pinturan, izan bizitzako edozein arlotan) galdetzea baimentzen duen tokia da Sormen Eskola Gunea
Nola sortu zen Sormen Eskola Gunea?
Ni beti izan naiz sortzailea; beti izan dut arlo ezberdinetan probatzeko irrika. Barruan nuen hori atera ahal izateko teknika ezberdinak ikasteko asmoz egin nituen Arte Ederretako ikasketak. Esango nuke, erdizka lortu nuela nire nahia, eta beraz, unibertsitate ikasketen ondoren ere ikasten eta esperimentatzen jarraitu nuen: pintura, altzarien zaharberritzea …
Duela 20 urte Artezaleak elkartean pintura klaseak emateko aukera suertatu zitzaidan eta 18 urtez aritu naiz horretan. Niretzat esperientzia oso positiboa izan zen; asko ikasi nuen. Ikasleekin, elkarlanean, asko ikasi genuela esango nuke. Izan ere, nik nire burua irakasle baino gehiago, zubi bezala ikusten dut: zubi, ikaslearen eta adierazi nahi duen horren artean.
Sentitzen nuen, ordea, zerbait falta zitzaidala. Espazio hartan ezin nituen gauzatu nire buruan nituen ideia guztiak. Beste toki baten ideia garatzen hasi eta horrela jaio zen, duela 3 urte, Sormen Eskola Gunea.

Zer eskeintzen du Sormen Eskola Guneak?
Sormena jorratu eta norberak barruan duen hori adierazi eta komunikatzeko aukera eskaintzen du Sormen Eskola Guneak. Eskolan, material ezberdinekin jolastuz eta esperimentatuz, irakasten dugu instrumentu ezberdinak erabiltzen. Nire kasuan, eskaintzen ditut gazte eta helduei bideratutako marrazketa eta pintura eskolak.
Alabaina, ez da Eskolaren helburu bakarra. Nik sinesten dut denok dugula, hor nonbait, sormenaren hazia. Loratu dadin, zuzen ureztatzea baino ez zaigu falta. Beti ere, ulertuta sormena arazo edo egoera jakin bati erantzun alternatibo bat emateko gaitasuna dela. Hori lortu ahal izateko, gustatuko litzaidake nire inguruan profesional talde sendo bat izatea.
Oraingoz, nire ondoan ditut Irkus Fernandez, Amaia Zinkunegi eta Zuriñe Darceles. Denon artean eskaintza zabala osatu dugu uda honetarako.

Inork interesik balu, garaiz dabil izena emateko: uda honetarako eta baita datorren urteari begira ere.
Pozik al zaude lortutakoarekin? Nola imajinatzen duzu Sormen Eskola Gunea 5 urte barru?
Bai, pozik nago; lortutakoarekin, eta, batez ere, jendearen harrerarekin. Eta nola ikusten dut Sormen Eskola Gunea 5 urte barru? Auskalo!
Jendea aurrera eta atzera, bizitzaz beteriko gune bat; argitsua eta koloretsua. Halaxe irudikatzen dut Sormen Eskola Gunea: edonork bere proiektuak garatu ahal izateko gune bat; sortzaile eta pertsona gisara hazten eta garatzen lagunduko duen espazio bezala.
Gustatuko litzaidake artista ezberdinen erreferentzi gunea izatea; bai lankidetza proiektuak garatzeko; baita artista eta sortzaile ezberdinen arteko harremanak saretzeko

Zein da bisio hori sortu ahal izateko erronka nagusia?
Gure bisio- erronka nagusiena hauxe litzateke: jendeari komunikatzea, eskaintzen ditugula, marrazketa eta pinturaz gain, beste hainbat ekintza Sormen Eskola Gunean. Erakusleihotik pintatzen ikusten digutenez, asko eta askok uste dute hori bakarrik egiten dugula.
Horretarako, garrantzitsua izan liteke web orria. Orain arte ez dut nahi adina denbora hartu webguneari heltzeko, baina laster hasiko naiz. Agur bat, hemendik, Emma Echeverriari…
Zer ikasi duzu ekintzaile bezelaurte hauetan?
Bada, asko. Alde batetik, ilusio eta maitasun asko jarrita, lortzen direla helburuak. Izuak alde batera utzi behar direla, eta garrantzitsua dela konfiantza izatea; bai zeure buruarengan, baita proiektuarengan ere.
Bestetik, ikusi eta ikasi dut negozio bat aurrera eramateak zenbaterainoko lana eskatzen duen. Ikusten ez den lana ikusten dena baino gehiago dela esango nuke.
Ekintzaile bezela, positiboa al da balantzea?
Baietz esango nuke. Hala ere, garrantzitsua da proiektuarekin hasi aurretik zertan sartzera zoazen argi izatea. Izan ere, askotan gorabeherako asko izaten da eta erabaki asko hartu behar izaten da bakar- bakarrik. Hala ere, ondo sentitzen zara pixkanaka- pixkanaka buruan zenuen ideia gauzatzen doala ikusten duzunean; hau da, aurrera egiteko gai zarela ohartzen zarenean.
Laguntza asko eman didate Urola Kostako Udal Elkarteko Gapen Agentzian ere. Ideia edota proiekturen bat izanez gero, baina ez badakizu nondik hasi, laguntza ederra emango dizute. Jakina, norberak burutu behar du proiektua, baina asko eskertzen da bidean Udal Elkartetik eskainitako laguntza. Ezin nuen elkarrizketa hori esan gabe amaitu…
Eskerrik asko Idoia
zure lan eta ahaleginari esker
Urola Kosta leku hobea da!
Ekiten, Urola Kostako ekintzaile eta enpresarien ekosistema.