Egoitz Maya eta Fernando Mott Leone – ON GOURMET

Egoitz Maya eta Fernando Mott Leone – ON GOURMET

Ekintzaileak: Egoitz Maya eta Fernando Mott Leone
Enpresa: ON GOURMET
Facebook:
https://www.facebook.com/On-Gourmet-216447652643261
Zerbitzuak: Gastroteka eta aurrez prestatutako platerren salmenta
Mail: tiendaongourmet@gmail.com 
Tfnoa: 943143506
Helbidea: Itzurun Zuhaizbidea, 1-Zumaia

Zumaiara hurbildu gara ON Gourmet ezagutu eta Egoitz eta Fernandorekin hitz egitera. Hizketaldian Toño ere elkartu da; ON Gourmet osatzen duten laukoteko partaidea. Eta gauza bat argi geratu zaigu: begietako dirdira ikusita, sei hilabeteko ibilbidea duen proiektua bizi-bizirik dago. Oraindik badira hamaika sorpresa aurkezteke!

Nola jaio zen ON GOURMET?

(Egoitz)Bidaiatzeko aukera asko eman dizkidan beste sektore batetik nator. Euskaldun jatorra naizenez, beti izan dut zapore eta gastronomia proposamen desberdinak probatzeko grina. Aspalditik nuen buruan bueltaka gastronomia- elkarte edo txoko bat sortzeko ideia, baina ez nuen ohiko tokia sortu nahi …  Ukitu ezberdina izan zezala nahi nuen: toki atsegin bat, kalitatezko produktuak, jaki eta zapore desberdinak dastatzeko aukera … Pixkanaka- pixkanaka, ideia hau garatzen joan zen nire buruan, eta bidaia bakoitzetik elementu berriren bat ekartzen nuen ideia osatzen joateko. Orduan, Fernandorekin (nire bazkidearekin) eseri eta ideia partekatu nuen. Berak ere ideia pila zituen buruan… eta koktel horretatik sortu zen ON GOURMET.

Geroago, Toño eta Andrea ere gehitu ziren abentura honetara eta beraien ideia propioak ere mahai gainean jarri zituzten. Lau pertsona oso desberdin, esperientzia eta jatorri desberdinekin (Euskal Herria, Brasil, Txile eta Kolonbia)… Imajinatuko duzunez, gurean ez da ideia faltarik.

Pixkanaka- pixkanaka ideia forma hartzen joan zen, eta erabaki genuen Urola Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentziara joatea. Bertan, ideia lurreratzen lagundu ziguten. Eta Abenduak 21ean, San Tomas egunean, ideia errealitate bilakatu zen. Ateak ireki, eta bidaia hasi genuen.

Zerbait desberdina eskaini nahi zenutela diozue. Zertan zen desberdina zuen jatorrizko ideia hori?

Argi genuen toki atsegin batean, denbora, erosotasuna eta kalitatea eskaini nahi genituela.  Helburu ezberdinekin: izan liteke otordua egiteko elkartzen den lagun talde bat, edota etxerako, hondartzarako edota auto-karabanara eramateko jakiak prestatu nahi duen edozein.

Erosotasunari eta erraztasunari bide eman nahi genion, baita aurrez prestatutako plater batzuen artean menua aukeratzekoa ere. Hau da, aurrez prestatutako kalitatezko platera sorta handi baten baitan,  gustukoena aukeratzeko beta (osasuna eta  erosotasuna): ezkur- urdaiazkipo plater goxo bat, txipiak, txuleta hanburgesa … Eta dena, edari on batekin konbinatuta; ardoa, garagardoa, txakolina … Hori dena, zentzuzko prezio batean.  

Hori da gaur ON Gourmeten topatzen duguna?

Bai, ideia hartatik nahiko hurbil gaudela esan genezake. ON Gourmet gastroteka eta denda konbinazio bat da; bertan, aurrez prestatutako jaki sorta ederra eskaintzen dugu. Aurrez prestatutako kalitatezko platerak dira, teknika berritzaileekin prestatutakoak. Tenperatura baxuan eta hutsean prestatutako jakiak dira, eta horri esker, janariak denbora luzez  mantentzen dira bestelako kontserbagarrien beharrik gabe. Hala, nutrizio baloreak eta zaporea osorik mantentzen dira.

Masailak, txipiroiak bere tintan, arrozak, past … berotu eta jateko prest.

Haragi aukera zabala eta berezia ere badugu (txuleta, zebra, gamelu edota krokodilo hanburgesak), iberiko hestekiak, gaztak … Eta edariak, jakina: ardoak, garagardoa, sagardoa, txakolina …

Marka ezagunak eta ez hain ezagunak, ekoizle txikiak baitira (alegia, kalitatea kantitatearen aurretik lehenesten duten ekoizleak). On Gourmeten ditugun produktu guziak jatorria eta kalitatea kontuan hartuta aukeratu ditugu. Produktu guztiak gure galbahetik pasa dira; hau da, guk gure mahaian nahi ez dugun produkturik ez dugu gure dendan. Eta sinetsi iezaguzue: gure exijentzia maila altua da, zinez. Gu ez gara edozerekin konformatzen!

Gainera, produktuak aukeratzeko garaian, kalitatea zaintzeko beharra guretzat bikoitza da. Izan ere, bertan jateko eskaini edota saltzeaz gain, produktu askorentzat oreka kanalean banatzaile gara eta.

Orduan, bertan jateko edo janaria etxera eramateko aukera dut…

Bai, eta gainera, gurera etorri eta dastatze- festetara etorri zaitezke. Jardunaldi pribatu ugari prestatu ditugu: garagardo, urdaiazpiko edota ardo-dastatzeak. Oso harrera ona izan zuen pizza buffet-a ere egin genuen. Azken finean, guri “jolastea” eta aisialdirako esperientzia ezberdinak eskaintzea gustatzen zaigu. Giro lagunkoia eta janari eta edari goxoak dira gure lehengaiak.

Eta horixe da ON GOURMET. Aurrez prestatutako jakiak, urdaitegia, haragia, ardoa eta bestelako jakiak eskaintzen dituen gastroteka, eta denda. Bertan, umeen bokadilorako urdaiazpiko egositik hasi, eta albondiga platera bat edota boletus lasgna bat topatuko dituzu; edo krokodilo hanburgesa on bat. Gainera,  bertan jan edo etxera eramateko aukera eskaintzen dugu. Norberari hobekien egokitzen zaiona.

Ideia faltarik ez duzue… nola imajinatzen duzue On Gourmet 3-4 urte barru?

Zumaiako gainerako aisialdi eta gastronomia eskaintzen osagarri ikusten dugu gure proposamena.  Lagun taldean gustura egoteko tokia izango da: ardo botila on bat eta mokadutxo baten inguruan gustura egoteko leku atsegina. Herritarrak ondo pasatzera eta esperimentatzera etorriko diren topaleku bat izatea nahiko genuke: kata bat egin, ardo berri bat probatu, aurrez ezagutzen ez genuen garagardo edo haragi mota bat dastatu… Funtsean, jan-edanaz gozatzeko hamaika aukera eskaintzen dituen esperientzia-leku bat da ON GOURMET.

Ospakizun edota egun berezietarako janari bereziak prestatzeko leku aproposa ere bada. Egun osoan sukaldean bakarrik egon beharrean, prestaketa lanak egin bitartean konpainian gozatzeko aukera ere ematen du.

Hala ere, ez ditugu egun berezietako bakarrik pentsatutako jakiak.  Egunerokotasunari begira pentsatutako hainbat platera ditugu: badira eguneroko menua egiteko gurera etortzen diren pertsonak. Eta prezioz beste edozein menu baino merkeago. Erosoa, osasuntsua eta arrazoizko prezioan. Hori da gure eskaintza.

Ganorazko afaria egin nahi, baina egunerokotasunean daramagun erritmoa dela- eta denboraz, edo gogo faltaz dabiltzan eta gurera plater osasuntsu baten bila datozen bezeroak ere baditugu. Izan ere, azkar prestatutako jatordu bat egiteak ez du zertan izan gaizki jatearen  pareko.

Nolako harrera egin dizuete Zumaiako biztanleek?

Oso pozik gaude izan dugun erantzunarekin. Esango nuke, probatu duenak errepikatu egiten duela. Egin ditugun dastatze eta jardunaldiek ere oso erantzun ona izan dute.

Egia da, inoiz ikusi dugu  norbait kanpoaldetik lokalari begira; sartu edo ez, zalantzan. Jendeak ez daki zer eskaintzen dugu; garestiaak izango ote garen beldur ere badirela esango nuke. Horrelakoetan, sartzera gonbidatzen ditugu; ikus dezatela zer dugun.

Bitxikeria moduan, normaltasun osoz sartu, jaki bat aukeratu, berotu eta jan lasaien egiten dutenak, galdera gehiegirik egin gabe, turistak dira. Beraientzat ez da arraroa horrelako proposamen bat. Beraiengandik oso iritzi onak jaso ditugu.

ON Gourmet garatzen jarraitzeko zein dira hurrengo pausuak?

Batez ere, gure proposamena erakusten jarraitu nahi dugu. Jendea hurbildu eta proba dezala jakiren bat: eskaintzen dugu kalitatea eta erosotasuna, arrazoizko prezio batean.  

Laster, lokalean aldaketa txiki bat ere egingo dugu; gure eskaintza zabaltzeko. Eta nahiko genuke buruan darabilzkigun ideia guztiak egikaritu eta egi bihurtu. Gasi baino ez gara egin eta aurrera begira proposamen berri gehiago egin nahiko genituzke.

Eta zein da sei hilabete hauen balorazioa?

Positiboa, oso. Lan asko egin dugu eta ideia asko gauzatu ditugu eta garatu dugun eskaintzarekin oso pozik gaude. Lanak merezi izan du.  Lurreratze eta antolaketa garaia izan dela esango nuke: bizi-bizia, baina erabat positiboa. Batzuetan azkarrago joan nahiko genuke, baina, tira. Gauzak ondo egiteko denbora behar da.  

Gure artean sortu dugun taldearen babesa ere oso positiboa da. Sarri, ikuspegi ezberdinak izanagatik, elkarlanean eta familia gisara lan egiten ikasi dugu. Eta hori oso aberasgarria izaten ari da.

Amaitzeko, gure esker ona adierazi nahi diegu guregana etorri diren guziei. Horrek ematen baitigu aurrera jarraitu ahal izateko indarra.

Laster, beste sorpresa batzuk ere aurkezteko prest izango gara; beraz, badakizue, adi egon!

Eskerrik asko Egoitz eta Fernando
zuen lan eta ahaleginari esker
Urola Kosta leku hobea da!

Ekiten, Urola Kostako ekintzaile eta enpresarien ekosistema.

Utzi erantzuna

Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de cookies. más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar